Motibazio saioak

ZER DIRA MOTIBAZIO SAIOAK?

Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago gazteentzako motibazio saioak Ttakun Kultur Elkartearen egitasmo bat da.

Ikastaro horren bidez gazteek hizkuntzekiko, eta, bereziki, euskararekiko jarrera kontzientea hartzea lortu nahi dugu. Horretarako, soziolinguistikako hainbat oinarri lantzen ditugu, bide horretatik gazteek hizkuntzen eta gizartearen hainbat prozesu ulertu baititzakete eta hizkuntza hautuak egiterako garaian informazio eta oinarri sendoagoa izango baitute.

Motibazio saioetan, euskararekiko jarrera kontziente bat bilatzeaz gain, gazteei beraiek ere eragin dezaketela ikusarazi nahi diegu. Hau da, hizkuntza horren aldeko jarrera hartzen duenak, kontzienteki erabiltzeaz gain, euskararen alde ere egin dezakeela ikusten dute, eta hori egin ahal izateko hainbat ideia proposatzen dizkiegu.

ZER LORTU NAHI DUGU FORMAKUNTZA SAIOEKIN?

Motibazio Saioen helburu zehatzak bi dira:

  • Lehena, hizkuntzen inguruan eta bereziki euskararen bueltan hausnarketa bultzatzea da, horrekin hizkuntzarekiko jarrera kontziente bat bilatuta. Oro har, hizkuntzen eta euskararen inguruko informazioa jasotzeak lagundu egiten die ikasleei hizkuntzen funtzionamenduari buruzko hainbat gauza ulertzen, eta, hori horrela izanda, errazagoa da motibazio kontziente batera iristea. Saioen edukiak helburu hori lortzera bideratzen ditugu, hizkuntzen ikuspegi zabal batetik abiatuta norberaren ingurunera hurbilduta.
  • Bigarren helburu nagusia gazteen inplikazioa bilatzea da euskararen inguruko jardueretan. Euskararekiko jarrera kontziente bat lantzeko ahalegina egiten dugunez, horrek jarraipen bat izatea egokia da eta horretarako gazteei inplikaziorako bide ezberdinak aurkezten dizkiegu, hala nola, ikastetxeko euskara taldea, herriko euskara elkartea, euskarazko aldizkaria edo inguruan aurki daitezkeen edo sor daitezkeen beste hainbat ekimen.

FORMAKUNTZA SAIOEN EZAUGARRIAK

Motibazio saioak sei orduko ikastaroak dira eta eskola orduetan emateko prestatu ditugu, bina orduko hiru saiotan. Orain arteko esperientziaren arabera, DBH4tik aurrera lantzea proposatzen dugu.