Elkartea

NOR GARA?

Ttakun Kultur Elkartea 1991ko azaroaren 16an jaio zen, euskal kultura eta euskararen normalizazioa Lasarte-Orian errotzeko eta bultzatzeko asmoz. 30 urteren buruan sekulako dimentsioa hartu du eragileak, sortzaileek imajina zezaketena baino handiagoa.

Geltoki kaleko 4. zenbakiko bulegoan gaude gaur egun, Jalgi Kafe Antzokiaren ondoan, baina ez da beti hala izan. Andrejoakinaenea haurren eskolako ganbaran egin zituen elkarteak lehen urratsak: urtebetez bildu ziren han, asteazkenero, eragile bat sortzea baitzen haien asmo eta ilusioa. Gorpuztea lortu zutenean, Pablo Mutiozabal kalera mugitu ziren, harik eta Lasarte-Oriako Udalak Erribera kaleko lokala utzi zien arte. Sei urtez jo eta ke aritu ziren lanean han eta 1998an etorri ziren gaur egungo egoitzara. Urte horretan bertan eskuratu eta ireki zuten Jalgi.

Horrez gain, Iñigo de Loiola kalean topagune bat du euskara elkarteak, Ttakunenea izenekoa. Euskaltzale direnentzako “arnasgune berri bat” izateko asmoz jaio zen 2016. urtean. Gaur egun, elkartearen beraren zenbait egitasmo han egiten dituzte eta elkarte gastronomikoa ere bada.

440 bazkide inguru

Bidelagun ugarirekin batera hazi da Ttakun: herritar, elkarte, ikastetxe, euskaltegi, alderdi politiko eta erakundeekin. Euskaltzale boluntarioek osatutako talde batek dinamizatu zuen elkartea hasieran; gaur egun, 440 bazkide inguru ditu eta lantalde profesional batek kudeatzen du eguneroko jarduna.

Makina bat langilek aurrera eramaten dituzte Ttakunen programak. Adibide bat, TXINTXARRI aldizkaria, 1993ko urrian sortua. Aurreneko proiektuetako bat izan zen. Hori baino lehen, udaleku irekiak eta euskal txokoak martxan zituen elkarteak. Gerora etorri dira beste mordo bat: haurren aisialdia jorratzeko, Amaraun Kluba eta Gazte Kluba; gazteena lantzeko, Kuadrillategi eta Faktoria; familian euskararen transmisioa bultzatzeko, GurasoLeku; edota ikastetxeetan hizkuntza lantzeko, Ele-meleka.

Esparru formalagoetan ez ezik, kalean ere bultzatzen du Ttakunek euskal kultura eta euskararen normalizazioa, urtean zehar makina bat ekimen antolatzen baititu, urtaroz urtaro: Euskal Inauteriak, udaberriko bertso saioa, Azkorteko erromeria, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, San Tomas azoka, Santa Ana parodia eta San Pedro Jaietako jarduerak, hala nola Sorgin Dantza, sagardo dastatzea eta afari herrikoia.

Lasarte-Oriaz harago

Gipuzkoako hainbat herritan esku hartzeak egiten ditu Ttakunek eta Lasarte-Oriako mugak aspaldi gainditu zituen Euskararen Maratoiaren antolatzen du, udalarekin elkarlanean (1992ko hirugarren alditik aurrera). Azkena 2022an izan zen, urrian hasi eta abendura arte luzatu zena: Euskararen 10. Maratoialdia. Sentitu, Pentsatu eta Ekin izeneko hiru fase aurrera eraman zituzten herritarren bihotz, buru eta mihiak astinduta.

Egoera utopiko batean, euskara eta euskal kultura erabat normalizatuta baleude alegia, jarduna eten beharko luke Ttakunek. Lasarte-Orian ez da hori gertatzen, eta ez dirudi egoera berehalakoan aldatuko denik. Horregatik, urratsak egiten eta urteak betetzen jarraituko du elkarteak. Helmugara iritsi bitartean, jarrai dezagun bideaz gozatzen, guztiok elkarrekin.

Harreman sarea
ZIURTAGIRIAK