Jalgi kafe antzokia

Jalgi kafe antzokiak 1998ko urtarrilaren 24an zabaldu zituen ateak lehen aldiz. Herri ekimenari esker sortu eta auzolanean eraikitako kultur espazioa “euskararentzako gune berri bat” izateko asmoz eta ilusioz jaio zen. Gogotik egin zuten lan makina bat herritarrek proiektu hori aurrera atera ahal izateko. Mende laurden geroago, erreferentziazko kultur gune bilakatu da herritarrentzat, euskaldunak direnentzat bereziki.

Zenbaezinak dira urteotan bertan antolatu dituzten ekimenak: erakusketak, solasaldiak, aurkezpenak, prentsaurrekoak, diapositiba emanaldiak, jam sesioak, kontzertuak, eta abar. Halaber, herriko eragile eta norbanako askorentzat euren lanak, sorkuntzak eta jarduna jendaurrean erakusteko erakusleiho bat ere izan da.

Lasarte-Oriako euskal komunitatearentzat erreferentziazko gune bat izateko bokazioarekin jaio zen Jalgi eta etorkizunean ere horrela izaten jarrai dezan ahaleginduko gara.

Arnasgune bat izatea nahi dugu euskara eta euskal kulturarentzat. Lasarte-Oriako euskaldunen bilgune izaten jarraitzea eta euskararen erreferentzialtasuna sendotzea dira helburuak. Horretarako, udalerriko kultur eskaintza areagotu eta agenda aberasten ditugu.