Lagunarteko hizkerarekin jolasean

ZER DA LAGUNARTEKO HIZKERAREKIN JOLASEAN?

Azken urteetan, euskararen normalizazioan lanean ari den jendearen artean, eta batez ere, gazteekin lan egiten dutenen artean, egoera informaletan euskarazko erregistro kolokiala lantzearen beharra nabarmen ikusten dugu.

Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean gai horretan eragiteko egitasmoa da. Hau da, gazteek hizkuntzarekin jolastea bilatzen dugu, euskararekin ondo pasatzea. Era berean, beraiek erabiltzen dituzten esamoldeak aztertzen ditugu, eta, eredu moduan, hainbat esamolde ematen dizkiegu.

ZER LORTU NAHI DUGU FORMAZIO SAIOEKIN?

  • Haserretzearekin, adarra jotzearekin eta ligatzearekin zerikusia duten esamoldeak lantzea.
  • Hizkuntzarekin jolastu eta ondo pasa daitekeela erakustea.
  • Erregistro kolokiala erabiliz gustura sentitzea.
  • Egoera informaletan euskarazko erregistro kolokiala erabil dezaten animatzea.
  • Saioetatik kanpo erregistro kolokiala euskaraz erabiltzeko bideak jartzea.