Gurasoleku

GurasoLeku egitasmoa 2014-2015 kurtsotik dago martxan. Ikasturte batzuk igaro dira ordutik baina helburuak berbera izaten jarraitzen du: Lasarte-Oriako haurrak ahalik eta hiztun osatuenak izatea. Familia mota desberdinetara egokitutako hiru programa biltzen ditu:

  • GurasoLagun: euskaraz hitz egiteko gai den pertsona bat (bidelaguna) elkartzen da horretarako ohitura ez duen batekin (bidelaria), azken horrek mintzatzeko beharrezko mekanismoak barnera ditzan.
  • GurasoTegi: euskara eskolak jasotzen dituzte gurasoek AEK euskaltegian eta oinarrizko gaitasunak landu.
  • GurasoLandia: beste bi ataletako partaideak elkartu eta aisialdiarekin zerikusia duten jarduerak aurrera eramaten dituzte haien haurrekin batera, familiartean tarte atsegin batzuk igarotzeko. Bi multzotan banatzen dira, 0-2 urte bitarteko haurren gurasoak eta 2-5 urte bitarteko umeen gurasoak.

Lan mahaia eragile eta erakunde hauek osatzen dute: Sasoeta-Zumaburu eskola, Landaberri ikastola, Andrejoakinaenea haurreskola, Burunzpe Guraso Elkartea, Landaberri Guraso Elkartea, Muntteri AEK Euskaltegia, Lasarte-Oriako Euskara Batzordea eta Ttakun Kultur Elkartea.

TrukeLandia

GurasoLandia egitasmoan parte hartzen duten familiei zuzendutako egitasmo berezi bat da. Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak aurrera eramaten dute. Izenak berak adierazten duenez, esperientziak trukatzea da helburua, hilabetean behin. Partaideetako bakoitzak ezagutza bat elkarbanatuko du besteekin, hala nola, errezetak, abestiak, jolasak, ipuinak eta abar.