Euskararen maratoia

Lau urtean behin, Olinpiar Jokoetan bezalaxe, lasarteoriatarrok Euskararen Maratoia ospatzen dugu. 40 ordu oholtza baten gainean, festak etenik ez, biziki gozatuz, bero-bero, eguneroko plazerra, korritzeko modukoa, gure maratoia! Euskarari eta euskaltzailei eginiko festa handia da. Launa emakume eta gizonek etengabe euskaraz aritzeko erronkari aurre egiten diote. 1986an egin zuten lehena, bi urte geroago bigarrena eta hurrengoak lau urtean behin aurrera eraman zituzten, COVID-19aren pandemiak 2020koa atzeratzea behartu zuen arte.

Euskararen 10. Maratoialdia aurreikusi baino bi urte geroago egin zuten, beraz: 2022ko urrian. Ordura arteko formatuari buelta bat eman eta 40 ordu ez, 40 egun iraun zituen hiru faseko bidea egin zuten herritarrek: Sentitu, Pentsatu eta Ekin!

Herri oso bat 40 orduz, etenik gabe, Okendo plazako oholtza gainean edo plaza publikoan euskaraz egiten eta euskaraz gozatzen jartzen ditu Euskararen Maratoiak: musikariak, aktoreak, idazleak, baserritarrak, ikastetxeetako ikasleak, irakasleak eta gurasoak, euskaltegietako ikasleak, musika ikasleak, dantzariak, bertsolariak, pailazoak, kirolariak, herriko elkarteetako ordezkariak… Urte osoan egiten duten lanaren erakusleiho trinkoa da.

Lasarte-Orian sortutako eta garatutako egitasmoa da, herri horretako mugak aspaldi gainditu eta Euskal Herrian ezagutzera eman zena. Izan ere, 2016ko urriko Irten armairutik! aldian sortu zituzten Ahobizi eta Belarriprest rolak;ย  bi urte geroago egiten hasi ziren Euskaraldirako haziak erein zituzten orduan.